Magia eta tendentziak
Euskadi Irratiko Amarauna saioan nabil kolaboratzen aspaldion, hilean behin edo igandean goizeko 10.30etan hantxe batzen gara tertulia antzean blogero-internetero batzuk txandaka. Hilean behin atzo ia errementatu zen Bilboko estudioan batzen gara Josi Sierra, Joxe Rojas eta hirurok hain zuzen ere. Beste txanda batzuetan Jozulin, Maite Goñi, Josu Mendicute, Mikel Iturria, Haritz Rodriguez, Ana Malagon eta Goio Telletxea ditugu.
Domeka batean goizeko 10.30etan mundu honetakoak ez bazarete eta esaten ditugunak entzun nahi badituzue Joxeren blogean dauzkazue gure saioen grabazio batzuk.
Tira, kontua da lehengo domekan, inuxente egunean, terkuliakide baten ekimenaren ekinaren ekinaz bazkaltzera juntatu ginela Donostian tertuliakideok, saioko esatariak eta beste kolaboratzaile batzuk. Ederto batean pasatu genuen egia esanda, blogero-interneterook ez dugu okasio gehiegirik aurrez aurre batu eta gutxiago jardunaldi edo halakoetatik kanpo, bazkari-txikiteo trankilean (Barcamp hitzaren lehenengo osagaiarekin geratuko gara?) eta estimatzen dira halakoak.
Ez dut ebentoaren kronikarik egingo, ez (argazkirik ipini ere ez, lasai), gauzatxo bi aipatu baino ez.
Bata, gutako inork ez du lehengo eguneko bazkariaren aipamenik egin blogean (edo nik ez dut aipamenik ikusi). Duela urte pare bat uste dut kronika bat baino gehiago egingo zela uste dut. Oraingoan Facebook, Twitter eta epostaz argazkiak eta iruzkin batzuk eta listo. Euskal blogosferan ere mikrobloging-a eta sare sozialak ari dira terrenoa kentzen blogei? Blogak gauza "serioetarako" utzi ditugu? Kontu pertsonalak lagun arterako uzten ari gara? Onerako nahiz txarrerako aldaketa izan daiteke, bilakaera baten seinalea ote den jarri nahi nuke mahai gainean soilik.
Bigarrena. Amarauneko ekipokoek inoiz komentatu dute irratiaren magia apurtzen dela aurpegiak erakutsita eta egiten duten pertsonei buruz hitz eginda. Eta lehengo egunekoaren ostean Arantxa biak, Edurne eta Miren ezagututa, sentitzen dut baina ez nago batere ados.
Bilboko estudioan dihardugunok aurikularren bidez baino ez dugu harremana izaten eurekin, eta badakizue, mila irudi egiten dira buruan. Bertatik bertara ikusita eta haiekin parraplada batzuk botata, irratiaren magia orduantxe ezagutu dugula esango nuke, bistan geratu zait ilusioa, gogoa, mimoa eta ardura dagoela tartean alegia. Txapo, neskak!
IO. Domekatik neukan asmoa hau idazteko tartetxoa hartzeko, atzokoa gertatu da bitartean. Horrelakoen ostean gertatzen diren adierazpen eta berba-jasen txorrostadek gertakariek eurek beste gogaitu naute aspaldian. Ez dakit gurpil-zoro honetatik irteteko akabuan magiara jo beharko ote den, baina irratiaren magia erakutsi diguten lagunak ezagutzea eta entzutea plazerra izan da, eta izango da.
Erantzunak, Pingback-ak:
Eta petardoaz, zer esan? (Tx)epelkeria lerdo bat izango da baina niri pena ematen dit "gure" estudioa kristalik gabe imaginatzea...
