Pan Vasco
Entzun edo irakurri duzue albistea seguraski. Lonely Planet gida turistikoak "Euskal Herria" du bigarren gomendioa planetako hamar leku interesgarrienen artean 2009rako.
Inoren kariñoaren beharrean inon baino gehiago bizi garen herri honetan albiste handia da hori, eta hedabide guztiek eman dute berria, bakoitzak bere erara jakina.
Nik neuk egunero metroaren sarreran debalde ematen den egunkari minimo-minimalista horietako baten interneteko edizioan topatu dut. Naturala, horrelakoxeak izaten dira goizeko lehenengo orduan beharrera bidean irakurtzen diren gauzak, erdi amatatuta ditugun izpiritu guztietako bat bizkortzen dutenak, izpiritu etnikoa kasu honetan. "¡diiiooos, los vascos somos la hostia!" batekin paparrak puztu eta aurrera!
Baina paparrak apaldu eta begiak zabaldu egingo zitzaizkion baten bati atzo goizean hau irakurrita:
Ez, hau ez da irakurleen iruzkina. Badakizue honelako hedabideak azken-azkenengora egoten direla, eta orain azken-azkena irakurleei notizia komentatzeko kantxa ematea dela. Ondorioz, ohar eta puntualizazio interesgarriekin batera sinsorgada eta astapitokerien partida bat ere botatzen dira sarri. Areago izpiritu etnikoek talka egiten dutenean.habla también de los sanfermines de Pamplona, las vistas desde los Pirineos en Iparralde (País Vasco francés), contando como vascos los territorios que reclaman para sí los panvasquistas.
Baina hau ez da izan anonimo edo sasianonimo baten okurrentzia, ez, debaldekoaren plantilako erredaktorearen ilustrazioa baino.
Lehenengo okurrentzia. Erredaktorearen maila kulturala prezioaren tamainakoa. Ez naiz justua izango, jeneralizazioak egiteko arriskua dago horrelako guztiekin, eta ez da horrela izango. Ez, ez da horrela.
Bigarren okurrentzia. Hau nonbaiten ikasten da.
Karrajuan kaparrada ematen ibili naiz asteotan ikaskuntza informala, ikas-paisaia, ikaskuntzaren sozializazioa eta horrelako psikolasto elastikoekin. Dena ez da eskolan, ikasgelan edo jarduera programatuetan ikasten alegia.
Erredaktore horrek seguruenik unibertsitate ikasketak ditu. Gutxien-gutxienik bekario ibiltzeko halakoren bat beharko du. Penintsula Iberiarreko estatu populatueneko hezkuntza-sistemaren adarretako batean ikasi du. Erresuma horretako eskola curriculum guztiak ez ditut ezagutzen, ezta ezagutuko ere, baina egingo nuke izpiritu etniko zentroiberiarra gartsuen bizi den ikas-erakundean ere "panvasquismo" hitza ez dugula aurkituko.
Eskolatik kanpoko ikaskuntza-kanalen baten enpollatu ditu edukiok laguntxuak orduan. Ekilikua!
Eta orain edukiok "eman ta zabal zazu" ari da. Metroko sarreran debalde, penintsula eta inguruko irla batzuetako hainbat hiri-bazterretan... Kultura zabaltzen, ezagutza hedatzen, debalde, doan, informalmentean, pilula txikietan, sarean, sare sozialak eratuz, ezagutza eskema berriak txertatuz norberaren eskemen gainean... Garuna moldagarrien dagoen egunsenti parteko ordu horretan. Pedagogikoki inpekablea.
Aurrerakuntzaren puntako muturrean gabiltzala uste dugunean, modernoena beste bat (betikoa) dela konturatzen gara. Eta gu nondik ekin azertatu ezinik.
Los panvascos somos la hostia.
Erantzunak, Pingback-ak:
Aspaldi ari ziren, eta gu jakin barik. Ez dakigu informazio iturri egokietan bilatzen :P
