Aste honetan: zinebi
Joan den urtean hurbildu ginen lehenengoz, Juankiren eskutik. Artista disziplina-anitzek hori dute: denetarik ikasteko modua dugu beraiekin (esker aunitz Juankiri). Aurten ere gonbitea luzatu digu, baina berezitasun batekin: bera film labur baten ekipoko partaide izan da. Kritika zorrotzak egiteko prest agertu gara beraz (gure berbalagun berria barne, azken hilabetean birritan izan dugu gurekin Txaber).
Aurkezpen luuuuuuuuze baten ostean (kuriosoa, film laburren jaialdi baten aurkezpenean, zinegotziak hitzaldi luzea egin izana) hamaika film labur ikusi ditugu (beno, lehenengoa bitan banatua zegoela kontuan hartuz, hamabi). Guztien berezitasuna: Euskadin (euskal autonomia erkidegoan, suposatzen dut) eginak direla. Baina hara! Lehenengo kuriositatea: film pare bat Estatu Batuetan kokatuak ziren (eta bertan filmatuak, dirudienez), beste bat Japonian kokatua, euskarazko film bakarra, gazteleraz ere bizpahiru. Deslokalizazioa zinema munduan!

Beno, baina gehiegi luzatu gabe (ez dut zinegotziaren erru berdinean erori nahi), goazen gaurko ariketa proposatzera. Arriagatik irteterakoan ikusitako filmeak bozkatu genituen horretarako eman zizkiguten txarteltxoetan. Bozka sekretua dela jakin arren, buelta eman diezaiogun txarteltxoari eta publikoki aitortu ditzagun gure balorazioak. Bat eta bost arteko puntuazioa emango diogu film bakoitzari eta bi hitzetan gure iritzia eman.
Film laburren kritika publikoa egitera goaz beraz, eta oraingoan ez nazazue bakarrik utzi (hau Vanesa, Andrea, Esti eta Juankirentzako mezua da). Nire iritzia emanez hasiko naiz (nire gustoaren araberako balorazioa da, ez da aditu batena):
Frank Stein / Masaje 1 Abiadura handiegia, ez dut ulertu
El verano español 2 Dokumental modura, txukuna
Una historia de invierno 1 Geldoegia
Vegetables 3 Istorio gogorra, ikusteko modukoa
Microfantasticheria 2 Berezia
Txoria 1 ???
Perpetuum mobile 5 Oso txukuna, bai istorioa eta baita animazioa ere
For(r)est in the des(s)ert 5 Oso istorio polita eta ondo kontatua
Miramar st. 4 Ondo egindako filma
La barberia 4 Kalitate txukuna
Midori 3 Politikoki ez-zuzena, txukuna
Kultur asteburu luze horietako bat izan da hau eta, Mugakook, astelehenean jarraipena emango diogu. Musika proposamen pare bat egiteko asmoa nuen atzo arte, baina atzo ikusitakoaren gainean idatziko dut azkenik, merezi izan zuen eta.
Edonola, ostegunean Kerobia ikusteko aukera izan genuen Kafe Antzokian eta gustora egon ginen (Vanesak kontatu ahal izango dizue kontzertuaren bukaera “sui generis” xamarra). Talde itxurosoa. Ez nuen ezagutzen baina ikusteko modukoak.
Ostiralean Balmasedan, Rafa Rueda eta Anari. Ez naiz objektiboa, oso gustuko baititut biak. Anari akustikoan aritu zen eta, egia esan, azken diskoan oinarritutako emanaldian, nahiago dut Kafe Antzokian duela hilabete batzuk erakutsi zigun ukitu elektrikoagoa. Diska guztietako abestiak jo zituen (Pettirekin batera egindako diska zoragarriko abesti bat barne). Rafa Rueda sendo aritu zen. Oso musikari ona dela deritzot eta egiten dituen gauzak ondo egin ohi dituela (berdin Pi.l.t-n, bakarka zein bestelako lagunekin egindakoak).
Beno, baina harira joanez, larunbatean Mungian izan ginen (Bizkaia ezagutuz). Otehitzari biraka ikuskizuna iragarrita zegoen, Ttanttaka antzerki taldeak eta Kukai taldeko dantzarien artean osatutako ikuskizuna. Mireia Gabilondok zuzendutako ikuskizun honek Jorge Oteiza du oinarri. Jorge Oteizaren hitzek eta idatziek lotura egiten dute ikuskizunak irauten duen ordubete pasatxoan eta tartean zazpi lagunek dantzaz betetzen dute eskenatokia. Bitartean, musika eta irakurtaldiak.
Kuriosoa. Kuriosoa ikuskizuna bera, atsegina eta ikusteko modukoa (gomendagarria) eta kuriosoa protagonista ere (Oteiza bera). Bere kasketaldi eta haserreak ikusteko bada ere, merezi du ikuskizunak, baina baita bere umore berezia eta pentsaera apur bat gehiago ezagutzeko ere (lotura honetako bideoan ere zerbait ikus daiteke).
Guggenheim museoan bere lanaren inguruko erakusketa antolatu zutenean (ez dakit berak oso gustura hartuko lukeen erakusketa hori bizi izan balitz) bisita egiteko aukera izan genuen eta gure gida prestuari esker ulertu ahal izan genituen bere obraren gora-beherak. Artea arrotza zaigunontzat oso eskertzekoa da dakitenen aldetik azalpenak jasotzea (eskerrik asko, Juanki!).
“Otehitzari biraka” ikusi ez duzuenontzat, beraz, gomendio bat: hurbilean tokatzen baldin bazaizue, joan zaitezte hurrengo batean. Ez dut uste damutuko zaizuenik!
Gaurkoa Berbalaguneko saio berezia izan da. Tandem fundazioko Jürgen Wolf izan da gurean (Mahatserrian) eta gure asteroko zita Santutxuko AEKren Txurdinagako egoitzan (paradoja kuriosoa) egin dugu. Jürgenek emandako hitzaldiaren izenburua “euskaraz hitz egiteko beldurra nola galdu” izan da, beraz, ez da azaldu beharrik hitzaldia zeren ingurukoa izan den.
Ez dut hitzaldiaren laburpenik egingo, berandu heldu naizelako besteak beste, baina entzun ditudanen artean gauza batekin gelditu naiz. Miraritik hurbilago dauden helburuak jarri beharrean (“euskara hutsean biziko naiz hemendik aurrera” modukoak), urratsez urrats helburu txikiekin joatea hobe da (“bihartik aurrera euskaraz agurtuko ditut nire auzokideak”, “euskaraz zuzenduko natzaio okinari”,…) eta apurka-apurka gure bizitza euskalduntzen joango gara. Etsipenetik ihes egiteko aholku egokia, bai!
Bestelako aholkuak ere kontuan hartzekoak izan dira.
Hitzaldiaren ondoren, gure kulturan txertaturik dugun ekintza: ondoko tabernan tertulia. Azaroko galderaren erantzuna Oihanari “ateratzea” zein erraza den frogatu dugu (nahiz eta aurretik erantzuna ezagutzen genuen!) eta Estik berri on bat jaso duela jakin dugu (zorionak Esti! ikusten duzun bezala, ez da esperantzarik galdu behar).
Hurrengo asterako “kultureta” taldearen hurrengo ekintza prest dugu: Zinebi.
Nonbaitetik hasi behar eta …
Berbalagun talde baten blog xumea da hau, bestelako handinahirik gabekoa. Astean behin biltzen gara (Mahatserrian edo… mugan) eta kaiera honen helburua tarteko denboran elkarren berri izatea da; ikusi, irakurri, frogatu, entzun, ibili edo egin ditugunak besteei gomendatzea.
Bost lagunen bilgunea da beraz, baina bostetik hamaikarainoko tartea txikia da eta nahi besterentzako lekua dago. Guk ikusi, irakurri, frogatu, entzun, ibili edo egindakoen gaineko iritziak ere beste inork izango ote ditu…
“Urtegi hau inauguratua gelditzen da”
Mugakoak gara, astero-astero mugan batzen garen bost mugalariak
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | |||
