Urdaibaiko pop-artistak

Andy Warholek, Pop Artearen aitaponteak, aipatu zuen estrainekoz 15 minutuko ospea. Ez dakit Josu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Diputatuak 15 minutu behar izan dituen esandakoa adierazteko (ospe laburragoa lortu duelakoan nago) baina "artista" (Bermeon ematen zaion esanahiarekin) izateko bidean dugu jada Madariaga jauna. Ingurumen Diputatu baten ahotan entzutea "Urdaibaiko Erreserbaren izendapenak kalte egin dio Busturialdeko garapen ekonomikoari" pop-artista bihurtzen gaitu guztiok, edo "artistak" sinpleki, eta batez ere, Biosferaren Erreserban bizi garenok lelotzat hartzen gaitu 15 minutuz baino zertxobait gehiago. Izan ere, Unescok Biosfera Erreserba izendatu zuenetik hona denetarik ikusi behar izan dugu garapen ekonomikoaren kaltetan: Inama enpresaren joan-etorri kutsakorrak, industri-guneen errekalifikazio kafkianoak, existitzen ez diren ekipamendu negargarriak, lehendakari ohien igerileku olinpikoak...

Busturialdeko garapen ekonomikoa ustezko Guggenheim Museo berri fantasmagorikoaren gain uzteak (fantasmagorikoa diot ze oraindik orain inork ez daki ezer ganorazkorik proiektuaz: demokraziaren ajeak agian)  Andy Warholen ileordea estimu gutxitan izatea da. Gauzak honela, gaur bertan jakin izan dugu "artista xumeok" Sukarrietan egingo omen dela ditxosozko Museoa. Ereñoko misterioa argitzeko balio izan digu azken orduko albiste honek: antza, Frank Gehryk laket du bertan bazkaltzea, besterik ez, ez du bertako harrobi ekologikoan inongo agerpen mistikorik jasan. Harrobian bertan bazkaldu dezakete 15 minututan, fast food inspiratzailea, Gehry eta Madariaga jaunek eta Urdaibaiko "artista guztiak" gonbidatu bide batez.

permalink Erantzun 1

Gogoaren manifestazioak, saminaren isladak

Sailkatu egiten ditu Patañjalik gogo-mentearen manifestazioak, dikotomia oso sinplea erabiliz sailkatu ere:

Samindura sortzen dutenak eta saminik sortzen ez dutenak.

Samindura-sortzaileak lirateke egoaren interesa edo identifikazio faltsua agertzen dituzte pentsamenduak: hau da, pentsamenduekin identifikatzea bete-betean benetako errealitatearekin identifikatu beharrean.

Ez dute saminik sortzen, ordea, desinteres pertsonala, autorrealizazioa eta barnerakoitasuna agertzen dutenak.

permalink Erantzun

Ezkertiarra omen da (1)

Ezkertiarra omen da. Manifestu guztiak sinatzen ditu eta pankarta guztienpean agertzen den horietakoa da. Sarri deituko diote adierazpenen batekin atxikimendua adierazteko, eta bapo afaldu eta edango du egun horretan. Gure herriaren salbatzaileetariko bat omen da. Beti agertuko zaizu komunikabide propioetan kausa guztien defendatzaile, bere burua salbatzeko gai ez denean. Lankideekin eta familian, ordea, ez du berdin jokatuko. Autoritarioa eta megalomanoa da egunerokoan, argi eta garbi adieraziko dizu begietara zuzenean begirtazeko duen arazoarekin. Ezkertiarra dela azpimarratuz mehatxatu zaitzake langile modura kexu agertzen bazara eta oso lasai egingo du lo gainera egun horretan.  Akaso, asko kritikatzen dituen poliziak bidaliko dizkizu onartzen ez dituen lege laboralak defendatu ditzaten. Trufa egin diezaioke langile bati sarri kritikatu ohi duen epaile baten aurrean ikusiko duzuela elkar esanez. Ezkertiarra omen da eta bere buruak ere ez dio sinetsiko. Euskalgintzaren ahulezia guztiak erabiliko ditu bere probetxurako, bere ego ahulak bazka dezan izango du xede bakarra. Euskaltzalea eta ezkertiarra omen dela esaten dute bere auzunuean eta sinetsita daude.

permalink Erantzun 1

Fruitu lehorreko pastela dastatuko dut Jabi

Ez nuen asko ezagutzen. Jabi zuen izena eta hiruzpalau aldiz bazkaldu nuen berarekin Deustuko Jatetxe Berdean. Estresak eragindako asma omen zuen. Nire yoga klaseetara etortzekoa zen datorren ikasturtean. K.-k bere eskela luzatu dit bere jantokiko mahaian. Jabik biziki maite zituen katuak eta gozozalea zen oso, kortisonaren eraginez antza. Troska web orrialdea gomendatu zidan. "Gogoratu ezazu Troski, Hasier". Fruitu lehorrez egindako pastel bat gomendatu zidan, halaber. Zure ohorean probatuko dut Jabi, falta barik!

permalink Erantzun

Count-en teklatuan

Direla hamar urte zendu zen Sinatra. Nire gaztaroan ez nuen batere gogoko baina Count Basie-ren banda ezagutzeko aukera eman zidan. Swing-aren erritmo geldiezina barrunbetan sartzen zaizu eta ez dago non ezkutatzerik. Cortazarrek gogoko zukeen apika, nahiz eta Rayuelan ez den ageri. Satmo, Biz, Coleman Hawkings eta enparauak maite zituen argentinarrak. Honelako arrats batean Count-en orkestra besterik ez dut nahi zure teklatua alboan dantzudala...


permalink Erantzun

:: Hurrengo orrialdea >>

Atalak

Estekak

    Bilaketa

    | Hurrengoak >

    Uztaila 2008
    Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
    <<  <   >  >>
      1 2 3 4 5 6
    7 8 9 10 11 12 13
    14 15 16 17 18 19 20
    21 22 23 24 25 26 27
    28 29 30 31      

    Besterik

    Blog hau sindikatu XML