2008/07/01

Zein aberasten da prezioen garestitzearekin?

Mikel | 23:10:49 | Atalak: Euskal Herria | 400 hitz  

Erostera joatea gero eta mingarriagoa da erosleentzat, prezioen etengabeko gorakada dela eta. Baina, aldi berean, lehen sektoreko ekoizleak kexu dira, gero eta gutxiago jasotzen dutelako haien uztaren truke. Salneurri horretatik saltokietako apaletan ikus daitekeeneraino «gero eta alde handiagoa» dagoela azaldu zuen atzo Bizkaiko EHNEko arduradun Ainhoa Iturbek, eta, ondorioz, Euskal Herriko nekazari eta abeltzainak «desagertzeko bidean» daudela ohartarazi zuen. Ekoizpen kostuen azpitik saltzen dutelako, «askok laga» egiten dutela esan zuen, eta, horren emaitza, Bizkaiko lurraldean kontsumitzen diren produktuen jatorrian ikus daitekeela gaineratu zuen. «Bizkaian ekoitzi ahal dugunaren %5 bakarrik ekoizten dugu, kontsumitzen ditugun gainerako elikagaiak kanpotik ekartzen dituzte».

Behin baino gehiagotan eskatu dio EHNEk Eusko Jaurlaritzari prezioen behatokia martxan jartzeko, baina orain arte ez dutela erantzunik izan diote.

Atzo Bilbon egin zuten agerraldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontsumitzaile elkarteek bat egin zuten EHNEren aldarrikapenarekin. Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak (EKA), Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoak (EKE) eta Euskadiko Kontsumitzaileen Batasunak (UCE) elikagaien garestitzearen zergatiak argitzeko eskatu dute, «honetatik guztitik etekinak nork ateratzen dituen kontsumitzaileek jakin behar dutelako», Ana Collia UCEko kideak esan zuenez.

Elikagai batzuekin banaketa enpresek lortzen dituzten «gehiegizko irabazi tarteak» gaitzetsi zituen EHNEko lehendakari Mikel Kormenzanak; «%300 eta %500ekoak ere izaten dira», azaldu zuen. Litro bat esneren truke ekoizleak 0,32 euro inguru jasotzen duela esan zuen Kormenzanak, eta, horren arabera, saltokietan euro batean saltzen den esne litroak %300etik gorako garestitzea izan du ekoizpenetik salmentarako bidean.

Banaketa enpresa horiek, gainera, produktuak ahalik eta merkeen eskuratzeko kanpora jotzen dutela azaldu zuen, «nolakoa izango den egoera eze, Eroski moduko enpresa batek Euskal Herri osoan zein Espainian fruta hornitzaile bakar bat ere ez duela». Hori dela eta, zuzeneko salmenta sareen alde egin zuen EHNEkoak, eta saltoki handien ereduaren kontra.

Azoka gardena Bilbon. Azaldu ez ezik, EHNEk etekin tarteak noren esku gelditzen diren erakutsi nahi dio gizarteari eta, horretarako, Azoka gardena deritzotena egingo dute etzi Bilboko kaleetan. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean saltoki bitxiak jarriko dituzte, baserritik zuzenean ekarritako produktuen jatorrizko salneurriaren eta, ondoan, supermerkatuetan bildutako prezioen berri emango diote erosleei, «zenbateko aldea dagoen ikus dezaten». Gainera, saltokietan «egunotan» bildutako prezioak erakutsiko dituztela esan zuten, «eguneratutako argazki bat plazaratzeko asmoz».

Horrez gain, bertara joaten direnei poltsa bat erosteko aukera emango diete, hiru eurotan, eta poltsan sar dezaketen guztia eraman ahal zaingo dute salneurri horretan. Iragarri dutenez, azoka eguerdiko hamabietan irekiko dute, eta produktuak amaitu arte egongo da zabalik.

2008/06/29

Gatesen erretiroa hasi da

Mikel | 02:09:40 | Atalak: Teknologia, Munduan zehar | 388 hitz  

Etsai beste jarraitzaile utzi ditu bidean Bill Gates (Seattle, AEB, 1955) Microsoften sortzaileak. Windows sistema eragilea mundu osoko ordenagailuen %90etara eramatea lortu du eta, ondorioz, software konpainia gehienak Gatesen erabaki eta asmoen menpe bizi izan dira azken bi hamarkadetan. Duela 33 urte sortutako informatikaren erraldoiari esker, Forbes aldizkariaren munduko biztanlerik aberatsenen zerrendan hirugarrena da. Urteotan, alabaina, ordenagailuekin zerikusirik ez duen esparruan murgildu da Gates, filantropiaren eremuan alegia. 2006ko ekainean iragarri zuen Microsoft utzi eta Melinda French emaztearekin batera sortutako Bill & Melinda Gates fundazioa gidatzeari ekingo ziola. Joan den ostiralean bete zuen orduan agindutakoa.

Albisteak ez du inor harritu, baina Microsoft konpainiaren gainbehera aurreikusi dute askok Gatesen agurrarekin, besteak beste, konpainiak ez dituelako bizi bere unerik gozoenak. Batetik, Yahoo erosteko eskaintzak porrot egin zien eta, bestetik, Google eta Steve Jobsen Apple, gero eta indartsuago ari direlako teknologiaren sektorean. Europan ere topatu dituzte oztopoak, Bruselak isun handiak ezarri baitizkio Microsofti monopolioa leporatuta.

Ez dago, alabaina, krisialdirik. Microsoftek 51.120 milioi dolarreko irabaziak izan zituen iaz eta sistema eragileetan ez ezik, Officerekin bulego softwarearen errege da oraindik. Egia da, ordea, bere azken sistema eragileak, Vistak, ez duela espero zuten arrakasta izan eta erabiltzaile gehienek, Mac Os edo Linux hautatu ez dutenek, Windows XP erabiltzen jarraitu nahiago dutela. Erabiltzaileen eskaera ugariek lortu dute, hain zuzen , XP sistemaren bizitza 2014ra arte luzatzea, Microsoften asmoen kontra.

Adiorik ez. Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan. 2000n egin zuen lehen urratsa Gatesek, kontseilari ordezkari kargua Steve Ballmerren esku utzi zuenean. Zortzi urte behar izan ditu Ballmerrek Gatesen bulegoa eskuratzeko. Agurra, alabaina, ez da erabatekoa izan, astean behin Redmondeko egoitzara bueltatuko baita aholkulari aritzeko. Horrez gain, konpainiako kontseiluko presidente karguari eutsi dio.

Teknologiaren guruetako bat izan da Gates urteotan, baina beste aditu askok, Paul Graham kasu, Internetek irekitako garai berriari moldatzen jakin ez izana egotzi diote. Grahamek Microsoft hilda dagoela esatera heldu da, Google, Apple eta Gatesen beraren estrategiaren erruz. Banda zabaleko konexioei esker, ordenagailuetan instalatu beharreko softwarea desagertuko dela uste dut askok eta, horrekin batera, Microsoft bera.

Hemeretzi urte zituen Gatesek Harvard utzi eta Microsoft sortu zuenean 1975ean. Berea ez zen softwarea saltzeko gai izan zen, nori eta IBMri. Salmenta egin eta gero, 50.000 dolarren truke eskuratu zuen MS-DOS. Ondoren, Apple aurkariren abantailak bere egiteko modua asmatu zuen, Steve Jobsen oniritziarekin. Garai hartan, inork ez zuen uste ordenagailuen etekinak sistema eragileetan egon zitezkeenik, Gatesek, aldiz, ederki aurreikusi zuen.

2008/06/23

Umeen jokoak?

Mikel | 23:17:48 | Atalak: Teknologia | 499 hitz  

Super Mario, Sonic edota Megaman izeneko heroiekin ezkerretik eskuinera aurrera egin eta bidean azaltzen ziren arerioak garaitzea zen duela hogei urteko kontsolek eskaintzen zuten esperientzia. Ez zen gutxi, baina ume eta nerabeen aisialdia besterik ez zen orduan. 1990eko hamarkadaren bukaeran, berriz, bestelako kontsola eta jokoak azaltzen hasi ziren merkatuan; Sony, Microsoft eta beste konpainia batzuk sartu ziren bideo jokoen merkatuan eta publiko helduagoa erakartzeko moduko jokoak sortzeari ekin zioten enpresek. Azkenaldian plazaratu dituzten bideo jokoen salmentek agerian utzi dute kontsolen erabiltzaileak adin mugarik ez duela. Rockstar konpainiaren Grand Theft Auto IV jokoaren sei milioi ale saldu zituzten dendetan jarri eta astebetera, eta 400 milioi euro inguru irabazi. Nintendoren Wii Fit berritzaileak, berriz, bi hilabetean milioi bat ale baino gehiago saltzea lortu zuen Japonian bakarrik.

Belaunaldi berriko kontsolen izarrik berrienak dira GTA IV eta Wii Fit, guztiz desberdinak beren artean baina, salmentei dagokionez, aisialdi elektronikoak musikak edo zinemak baino diru gehiago mugitzen hasi dela erakusten dutenak. Hollywoodeko film ezagunenek baino diru gehiago egin du GTA IVk lehenengo egunetan; esaterako, J.R.R.Tolkienen The Lord of the Rings liburuetan oinarritutakoek baino gehiago. Kontuan izan behar da, gainera, 18 urtetik gorakoentzat dela jokoa (17tik gorakoentzat AEBetan).

Joko honek mafiako kide baten rola ematen dio jokalariari, eta ia erabateko askatasuna dauka jokalekuan, New Yorken antz handia duen hiri erraldoi batean, mugitu eta ankerkeriak egiteko. Sexua eta indarkeria ez dira falta istorioan eta, horrexegatik, eztabaidak sortu dira eta zentsura jasan du. Play Station 3 edo Xbox 360 kontsoletarako atera dute jokoa, eta inoiz sortu dituzten grafiko errealistenak ageri ditu Rockstar taldearen lanak. Quentin Tarantinoren filmetan murgiltzea bezala da jokoak eskaintzen dituen ehun orduetan aurrera egitea, baina mafia buruen eginkizunak bete ondoren ere aukera amaigabeak ezkutatzen ditu jokoak.

Kirolaren osagarri. Nintendok, Wii kontsola merkaturatu zuenetik, bideo jokoekin jolasteko modua irauli du. Japoniarrek apustu garbia egin zuten dibertsioaren eta jolasteko erraztasunaren alde. Microsoftek eta Sonyk makina ahaltsuenak sortu nahi izan zituzten; Super Marioren gurasoek, berriz, helburu harrigarri bezain xumea jarraitu zuten: jokatzeko modua aldaraztea. Horretarako, aginte berritzailea sortu zuten eta, denborarekin, beste tresna batzuk gehitu izan dizkiote kontsolak berez ematen dituen aukerei. Wii balance board izeneko taula da plazaratu duten azken asmakizuna, eta Wii Fit jokoarekin batera garatu eta jarri dute salgai. Ohiko bideo jokoa da, baina ariketa fisikoa egiteko, norberaren gorputzaren jarrera eta oreka aztertzeko eta bizitza osasungarria eramateko gonbita da Nintendok egindakoa. Aurretik ere izan dira horrelakoak -Play Station kontsoletan dantza egiteko eta webcam batekin pantailako elementuetan eragiteko tramankuluak aspaldi atera dituzte-, baina lehenengo aldia da bideo joko batek sasoian jartzeko aukera ematen duela.

Baskula baten itxura duen taula da Wii Balance eta erabiltzailea taula gainean egin behar ditu ariketa guztiak. Hasieran, jokoari norbere altueraren berri emanda, Gorputzaren Masa Indizea kalkulatzen du. Ondoren, pisua gutxitzeko ariketa programa presta daiteke. Horrez gain, gorputzaren oreka eta jarrera zuzentzeko ariketak proposatzen ditu softwareak. Pantailan monitore moduko bat izango du bidaide erabiltzaileak, eta ariketak nola egin behar dituen erakutsiko dio horrek. Edonola ere, taulak berak oinen kokapena eta presioa antzeman ditzake eta, horren arabera, zuzen edo oker egiten ari den ohartarazi.

2008/06/12

Arrozak batzen gaituela ospatzeko

Mikel | 01:01:14 | Atalak: Kulturan | 216 hitz  

Jatorri anitzeko jendea bizi da gaur egungo hirietan, eta askotan, arrotzak ditugu bizilagunaren ohitura eta bizimoduak. Horrexegatik ekin zioten duela urte batzuk Munduko Arrozak izeneko festa ospatzeari, norberak bere herrikoaren berri gainerakoei emateko, hain zuzen ere. Musika, dantza eta, noski, arroza erabiliko dituzte larunbatean asmo horrekin, Bilbon eta Iruñean egingo dituzten egun osoko jaietan. Bizikidetza eta elkartasuna sustatzea dira jaialdiaren beste helburu nagusiak.

Antolatzaileek diotenez, munduan gehien erabiltzen den jakietako bat da arroza, eta horrexegatik, nazio bezainbeste errezeta dago munduan arroza prestatzeko. Valentziako erara, begetarianoa, haragiarekin, eta Coca Cola edari ezagunarekin prestatutakoak ere ikusi izan dira urteotan Munduko Arrozen jaialdian. Bosgarren urtez antolatu dute Bilbon jaia, eta azken lau urtetan Gasteizen eta Iruñean ere egin izan dute. Aurten, gainera, Gipuzkoan egiteko asmoa gauzatuko dute lehenengo aldiz.

KULTURA KALEAN. Sukaldaritza aitzakia nagusia izango bada ere, musika, dantza eta bestelako kultura adierazpenak ez dira faltako larunbateko festetan. Goizeko hamarretan hasiko dituzte Bilbon antolaketa lanak, jaialdian parte hartzeko izena eman duten taldeko kideek lekua hartzera joan beharko dute. Eguerdira bitarte, umeentzako tailerrak eta askotariko jolasak prestatu dituzte. Gainera, San Frantziskoko komentuko indusketa lanak edota Artelanen errepliken museoa ezagutu nahi dutenek, horretarako aukera izango dute bisita gidatuetan, aldez aurretik (34) 944 157 673 telefonora deituta. Epaimahaiak 13:30etatik aurrera dastatuko ditu arrozak, eta arratsaldez, kalejirak eta kontzertuak egingo dituzte Bilbo Zaharrean.

2008/06/10

Applek iPhone 3G aurkeztu du, hobea eta merkeagoa

Mikel | 00:45:34 | Atalak: Teknologia | 214 hitz  

Iazko ekainaren 9an aurkeztu zuen Mac ordenagailuen sortzaileak sakelako telefonoetan iraultza ekarri behar zuen iPhone eta, urtebete igaro denean, asmakizunaren bertsio berria aurkeztu zuen atzo San Frantziskon Steve Jobs Apple konpainiako zuzendari nagusiak. Diseinu berria, kamera hobea, iraupen luzeagoa duen bateria, GPS sistema eta, batez ere, Interneten ibiltzeko 3G motako konexioak dira iPhone 3G bataiatu dutenaren berritasun nagusiak.

«Hobea» ez ezik, merkeagoa ere izango da Appleren tramankulua, 200 dolarretan jarriko baitute salgai 8 Gb-ko bertsioa, egun balio duenaren erdian, alegia. 16 Gb-ko telefonoa, berriz, 400 dolarretan salduko dute. Horrez gain, telefonoa mundu osora zabaldu nahi duela esan zuen Jobsek, «mundu guztiak nahi du iPhone bat eta eskuragarriagoa egin behar dugu» Horretarako, orain arte izan duten estrategiarekin hautsi eta 70 herrialdeko konpainiekin itunak sinatu dituztela iragarri zuen. Uztailaren 11n, momentuz, iPhone 3G berria 22 herrialdetako dendetara helduko da, tartean, Euskal Herriko saltokietara.

Telefonoen eremuan iPod-ekin lortu zuena errepikatzeko bidean da Apple, mundu osoan sei milioi iPhone saldu baititu dagoeneko. Konpainiako zuzendariak aitortu zuenez, «salgai ez dagoen tokietan ere erabiltzen dute».

HEGOALDEAN SALGAI. AEBetan bakarrik hasi ziren saltzen iPhone . Iparraldera iazko azaroan heldu zen baina Hegoaldean oraindik ez dute salgai jarri. Askotariko zurrumurruak zabaldu ondoren, Telefonicak Apple-ekin kontratua sinatu duela baieztatu du. iPhone 3G bat eskuratu nahi dutenek, beraz, Movistarrera jo beharko dute, hasiera batean behintzat.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mediaberri


| Hurrengoak >

Atalak


Artxiboak

Uztaila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Besterik

Blog hau sindikatu XML

What is RSS?

powered by
b2evolution