Hiru urteko mutikoa edukitzeak geure gizartea zelakoa dan ederto erakusten deutsu, zein topikozale, umezentrista eta erdaldun diran geure auzokide botxotar gehienak. Hiru urteko neskato edo mutiko bategaz zein komunikazino maila mugatua eduki daikezun kontuan hartuta, hain oinarrizko, sinple eta erraz izanda eduki daikezun alkarrizketa, batik bat kalean izandako topaketak gogoratuz gero berehala konturatzen zara zein pertsona gitxi gai diran "kaixo", "zer moduz?" edo "nora zoaz?" moduko esamolde laburrak esateko. Flipantea da. Erdaldun antipatikoen kasuan ulergarriagoa da, gazteleraz hain gitxi dakien hiru urteko mutiko horren gurasoen ardurabakokeria kritikatzen daben horiek, badakizue: "No sabe castellano? Pues tiene un pequeño problema!". Eta zeuk ez dakizu ezertxo be ez euskaraz, ezta apurtxo txiki bat? Beraz zeinena da arazoa, majete?
Baina hainbat erdaldun sinpatikoren kasua etsigarriagoa da, oinarrizko agurrak eta umeei esaten jakiezan txikikeriak esaten ez jakitea edo jakin arren esaten ez animatzea marka tamalgarria da gero. Guggenheim ikustera datorren edozein bisitari herbeheretarrak, interes minimo bategaz, gai izango zan Euskal Herriari edo "Espainiako Iparraldeari" buruzko gidaliburuetan agertzen diran lau berba eta esamolde horiek ikasteko asteburu bakar batean, eta turista hori kataluniarra izanez gero lau berba eta esamolde horiek erabiliko zituen hirugarren txakolinaren ostean. Gitxieneko interesaren kontua da, besterik ez.
Eta bai, kasu honetan be pixka bat es mucho.
Orain dala 8 urte Debagoieneko eskualde gipuzkoarrean hasi nintzan beharrean bertoko ospitale txikian, Gurutzetako ospitale erraldoitik jauzi eginez, eta denpora honetan guztian Arrasate alde horretan sendagile moduan izugarri hazi izan naz. Blogari moduan eskualde berak be aukera emon eustan idazten hasteko orain dala ia 4 urte, Goienako blog komunitatean. Bigarren zorra. Eta azken hilabeteotan Goiena Telebistan lantzean behineko kolaborazinoak egiteko aukera emon deustie Arritxu Barriusok gidatzen dauan "Magazine" saiorako. Hirugarrena.
Geure ogibidean askotan kexatzen gara gizartean orokorrean dagoan osasun hezibide faltaz, kalean dagozan mitoez eta abarretaz, eta horren erruaren zati bat "Saber vivir" moduko saioek eta hainbat sendagile telepredikatzailek deukie, etika profesionalagaz jolasean dabilzanak. Horren aurrean, gogora etorten jat "Más vale prevenir" mitiko hura, askok gogoratuko dozuenok, benetan telesaio hezitzailea izan zana. Eta hortik be badoia bere xumean GoiTBko "Magazine" osasun tartea, morborik gabeko informazinoa eta ganera audientzia handiagaz, Botxoaldean gaur egun euskarazko hedabide batek proportzionalki lortu ezin dauana.
Honeri guztiari esker geure hizkuntza komunitate txikian espezializazinoa zein aberasgarria eta garrantzitsua dan beste behin konturatu naz, ekonomialariak ekonomian, informatikariak informatikan, biologoak biologian, txirrindulariak txirrindularitzan, medikuak medikuntzan eta abar. Barruan deukoguzan filologoa eta militantea apur bat isiltzea eta lanean ikasitakoaz berba egitea. Ziur aski militantziarik hoberena hauxe da.
Tira, azkenean beroa ez da hainbesterako izan, baina aurreko egunetik lerroburua pentsauta neukan, gustukoa eduki eta erabili behar izan dot. Anfibioak holakoak gara. Kexatzeko gitxi, egun ederra igaro dogunez, Blogs & Txakolins erdi-inprobisatua Jozulin eta Julen natiboen eta Benito, Aitor, Olaia eta abar handi eta txikien konpainian, Iraultza atzo berton hasia dala jakin barik. Pelloren kamiseta orlegi eta beilegia zelabait iraultzailea izango zala banekien, baina testuinguru matxino guztia ez neban harrapatu.
Galdakaoko presenteak alde batera lagata, ausenteak dirala-eta blog fidagarri honen iturri auskalomenditarren bidez jakin dogu Camilo Jose jaunaren (g.b.) loba urruna dala geure Hezkuntza sailburu barria, Nobel Saridunaren abizena apur bat aldatu dauana idazlearengandik haren burua urrunduz, euskal hiztunongandik atzo urrutiratu zan moduan. Halandabe, beste ausente batzuen artean Miguel Sanz bera dogu, sarritan ekitaldi hauetan egon dan geure parrokiano euskaldun aita barri maitea. Biba zu!
Bestela, egunen batean antxumeei azaldu beharko deutset zergaitik Gabonak edo Ibilaldiak ospatzen ditugun, biek jatorrizko motiboak apur edo mordo bat galduta. Atzoko modukoen festei buruz zer esangotset ba, ikastolak sostengatzeko, hizkuntza erabiltzeko (edo batik bat ez erabiltzeko), lagunekin egoteko, ligatzeko, kontzertuak ikus-entzuteko, mozkortzeko, Bizkaia ezagutzeko, ariketa fisiko ederra egiteko dirala? Ziur aski hori guztia eta gehiago dirala Ibilaldiak, Araba Euskarazak eta abar. Eta, badaezpada be, urtero antolatzen segidu behar dogula, presenteekin eta ausenteak gora-behera.
"Urrun da iragana eta urrun da geroa" (Kuraia).
Espanyako Liga eta Kopako txapeldunek ez dakite ospakizunak antolatzen, ez behintzat hamen Botxo aldean dakiten legez, gabarra azkenean abortatuta gelditu arren. Eguaztenean Europako txapelduna izan daitekeena atzo Nafarroako Erresumakoek garaitu eben, eta halandabe oraindino ez dakigu gorritxoek Atletixaren aurkako derbirik jokatu ahal izango daben, edo Errealaren kontra arituko diran. Lehen Mailan gelditzea titulu bat irabaztea bezain pozgarria izan daiteke Osasunarako, eta poza beti ona da osasunerako, baina kasurik hoberenean be gabarren partez almadiak Arga ibaian ez ditugu ikusiko ospatzeko, Foru Erkidegoan ohiturak desbardinak diranez.
Bitartean, Gipuzkoa aldean umeak blaugrana bihurtzen ei dabilz, eta Eibarren truke akaso Irun ordezkatuta egongo da Bigarren Mailan hurrengo urtean, gaur berton jakingo dogu. Bidasoan behera gabarrarik bai ete? Ikusikogu. Eta ikusteko dago halaber ea euskal talde txuri-urdin bat edo bi egongo diran datorren denporaldian Bigarren Mailan. Gustauko litzaidake talde bakarra egotea eta horixe gasteiztarra izatea, baina amets urrunegia da. No passa res, gentlemen and ladies, beste urte batean igoko gara. Badakit antxumea atletikzalea izateko arriskuan (bai, arriskuan) dagoala, baina aste zuri-gorri horretan berton urtebetzea eduki dau Pellok, eta Errealeko uniforme osoa oparitu deutsie. Underground xamar da Errealekoa izatea gaur egun, nortasun handikoa, are gehiago Nafarroako mendebalde honetan, eta ikusiko dogu noz arte eutsiko deutsan Pellok. Neureak dagoeneko erremediorik ez deuko...
Eta amaitzeko, gabarra ezean, egunen batean ikusiko gaituzue Lea ibaian gora edo behera piragua batean, beti dago-eta zer ospatzerik.
Buzzin' in my head: Futbol, futbol, futbol!! (Manu Chao).
Libertario Coscojales jaio zan egun berean, garagarrilaren 26an, haren izen bereko aititea hil zan, hamarkada batzuk lehenago. Zehatzago esanda hil egin eben, gerra amaitu ostean fusilatuta, eta hortaz ilobak ez eban ezagutu ahal izan, izenaz gain beste kontu batzuk be beragaz konpartitzen dituan arren. Libertario, aititea, arras gizon irakurria eta landua zan, alkarrizketa bizi, luze eta aberatsekoa. Uriburuko “Centro Esperantista” alkartekidea izanda, hizkuntza horretaz seme-alabak hazi zituan, herrian kasu guztiz harrigarri bihurtuz.
Libertario ilobak be ondare horixe jaso eban etxean txiki-txikitatik, eta jaso ez ezik fruitua ederto emon eban urteek aurrera egin ahala. Hainbeste non gaur egun euskal idazle esperantistarik emonkorrena baita, zalantza barik. Eta hamaika ipuin, hamabi elebarri, hainbat itzulpen, antzezlan eta bestelako idazlanak idatzi dituan egile eleaniztun honek Sartre, García Márquez, Saramago, Auster, Monzó eta Atxaga besteak beste itzuli izan ditu jatorrizko hizkuntzetatik esperantora. Ez da lan makala.
Neuk pertsona harrigarri hau herriko irrati kate txiker batean ezagutu neban, “Abra K Abra Irratia”-n hain zuzen be, musika dan haren beste pasioa lantzen dauan tokian. Soinu teknikari moduan praktiketan ibili nintzan sasoian izan zan, eta hark astean behin aukeratutako blues, jazz eta rythm and blues-en doinuak neuk kudeatzen nituen kristalaz bestaldetik. Hor sortu zan adiskidetasuna, eta orain esan daiket, bat be objektiboa ez nazen arren, Ezkerraldean ez ezik herrialde osoan be “Ritmenbluso” bere irratsaioak ez deukola parekorik.
Saio horietako baten ostean kontau eustan zelan, hil baino lehen, aititeak egin eban azken gauza mendi buelta bat izan zan. Izan be, faxistek Serantestik itzultzean harrapatu eben Argalario Mendibil lagunagaz batera, eta bultzaka hilerriraino eroan zituen, haren hormaren ondoan fusilatzeko. Biak anarkistak ziran eta, bateragarria emoten ez dauan arren, Libertario ganera judua zan. Arrazoi bikoitza beraz hiltzaile anker horientzat egin ebena egiteko. Aititeak seme-alabei agurtu ezin izanagaitik bere kolkorako madarikatu zituan hil baino lehenagoko ibilaldi angustiatsuan, egun finlandiar bat baino luzeagoa egin jakona. Zorionez, itsasoaren aldeko haxea arnastu ahal izan eban haren gorputzaren kontra bala zaparrada jausi baino lehentxeago, “Esperanto!” ozen-ozen zerura begira oihukatzen eban bitartean, “Itxaropena!” alegia.
Gizon harrigarri haren omenez neure adiskideari izen bitxi hori be ipini eutsien, esan legez, eta demagogo, gezurti eta atxakiazale guztien ganetik inon badago benetako “munduko uritarrik”, ditxosozko etiketa hori merezi dauan inor baldin badago, horixe da geure Libertario. Hasteko bere burua holan sekula definidu ez daualako eta, hankabiko bidaiatua izateaz gain, mundua norberaren etxean eta herrian hasten dala ahazten ez dauan apur horietakoa dalako. Atlantikoaz bestaldean musikagaz lotutako bidaiak egin ditu sarritan, hango club mitikoak bisitatu, hango musikari batzuk ezagutu eta musikaz gozatu, baina aldi berean Kantauri aldeko jazzaldietan huts egin barik. Eta bestela hizkuntzak ikasteko bidaiak egiteko zaletasuna deuko, Pirinioetako alde bietara, Alpeetako inguru guztietara, Britainiar Ugarteetara…
Beraz, buru zabal eta arima geldiezineko adiskidea dot, sekula jentea harritzeko gaitasuna galtzen ez dauana. Eta azken ustekabea pasa dan udagoienean emon eustan, herrira joateko gonbidatu ostean. Burdinbidez haruntza joan eta itsasadarraren ondoan dagoan geltokian jaitsi nintzan. Izugarria zan han bildutako jentetza, ez neban inondik inora be espero, eta geltokitik bertotik musika zoragarria ozen-ozen entzuten zan. Zubi esekira hurbildu eta “Munduko Bandarik Onena” (“A Milhor Banda do Mundo”) hantxe egoan, Penintsulako mendebalde urrunetik etorriak, zubiaren transbordadoretik zuzeneko kontzertua emoten. Milaka ziran itsasadarraren bi ertzetako pasealekuetan ikus-entzuleak, eta uretan be ikusmina ez zan txikiagoa izan, txalupetan, gabarretan eta are traineruetan be andre eta gizonak ikuskizunaz gozatzen, sardinak saltoka, eta “Abra K Abra” irratiaren uhinei esker geure lagunak be entzuten egon ziran zuzenean, Kadira Qatifa, Ibai Zabala, Ingrid Erasmusson, Valeria Fetuccini, Aitor Mena, Itxaso Mendizabal, Andrés Karramarro, Peio Baroja, Monica Trelew, Jon Goikoetxea “Juangoiko”, Manu Gandiaga “Gandi”,…A Milhor Banda do Mundo. Eta han goian, Serantesko tontorrean, Libertario Coscojales aititea be Argarlario Mendibil lagunaren konpainian doinu alaien oihartzunari adi-adi eduki eban ilobak, anarkia perfektuan. Danko, nepo. Shalom.
Ahuntzen doministikuei adi bazabilz eguerdiro. Hordago txikira botateko prest bazagoz. Botxotartasun alternatiboetan sinesten badozu. Harrikaldiak irakurteko ausartzen bazara... Aquest és el nostre lloc de trobada, baby.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | |||||
Blog hau sindikatu