Benito 2010/02/22 11:40:34. Atalak: aurrekoak,
Ez ohiko saioa izango dugu hil honetan, idazlea bera ez da etorriko, izan ere liburu honen egilea, Raul Zelik alemaniarra da eta alemaneraz idatzi zuen liburua. Lagun armatua euskaratuta dago berriz, Edorta Mataukok egin ditu itzulpen lanak eta bera izango da gurekin, baina ez bakarrik. Edortarekin batera Petra Elser dator, Petra alemaniar euskaldunak Zelikekin batera itzuli zuen Sarrionaindiaren Lagun izoztua alemanierara, eta obra zein egilea bera ondo baino hobeto ezagutzen ditu.
Nobedadea beraz Tartean, lehenengo aldiz beste hizkuntza batean idatziriko obra baten itzulpena hartuko dugu mintzagai. Lan horretan Uxue Alberdik gidatuko gaitu. Ez dezagun pentsa hala ere, obra hori urrunekoa dugunik.
Alemanieraz idatzita baina Euskal Herria du mintzagai liburuak. Irakur dezagun Txalapartakoek eman diguten laburpena:
Liburu honetako protagonista, Alex, Bilbora itzuli da, lehenago oporrak igaro ohi zituen hirira. Itzulerak iraganarekin jarriko du aurrez aurre; lekuak, kantak, lagunak… eta itxuraz amaierarik ez duen gatazka. Baina, batez ere, Zubietarekin jarriko du aurrez aurre. Aspaldiko laguna, Joseba Sarrionandiari kartzelatik ihes egiten lagundu zionetik sasian dabil.
Poliziaren esanetan, egun ETAko buruetako bat da; Europako terrorista bilatuenetako bat, baina, aldi berean edo oroz gain, Alexentzat iraganeko laguna da Zubieta. Penintsula zeharkatzen laguntzeko eskaria jasoko du Alexek eta, zalantza politikoak gora behera, adiskide zaharra laguntzeko beharra sentituko du. Hala, bada, klandestinitatearen beldurrek, lagunaren uste politikoen tinkotasunak eta aspaldiko oroitzapenek goitik behera inarrosiko dute seiehun kilometro luzetan.
Europaren bihotzetik euskal gatazkaren muinera jo du Raul Zelikek. Road movie edo eta eleberri beltz baten jantzian, esangura politiko sakona duen liburua utzi digu alemanak.
Interesgarria, ezta? Badakizue beraz. Otsailaren 24an hitzordua dugu Edorta Matauko eta Petra Elserrekin. Uxue Alberdik gidatuta.
mahatsorriak 2010/01/13 14:20:55. Atalak: aurrekoak,
Urtarrilaren 27an elkartuko gara Irakurlearen Tartean urte berriari hasiera emateko, gidatuko duen moderatzailea Uxue Alberdi izango da.

Hona hemen liburuaren aurkezpena:
Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiaren «Ihes ederra» komiki-eleberria argitaratu berri du Alberdaniak. Bi istorio paralelo kontatzen ditu baliabide literario eta artistiko ugariz baliatuta. Istorioaren eta egituraren berezitasunak liburuak eskain ditzakeen irakurketa maila ezberdinekin bat egiten du.
«Komikia, poesia, prosa... erabiltzen dugu; gero guk `tarteak' deitzen ditugunak ere hor daude, ezezagunak izan daitezkeen gaiei buruzko erreferentziak eskaintzen ditu, irakurketa bideratzen du», azaldu zuen Alain M. Urrutia margolariak aurkezpenean.
«Ihesa beti ederra da», adierazi zuen Urrutiak. Ihesa, eleberriak aurkezten dituen bi alderdietan, maitasunean edo bikote harremanetan eta politikan. Liburuan jorratu diren bi eremuetan konkistak dituen berdintasunak ere atzeman daitezke: dela, liluraren bitartez pertsona bat menderatzea, dela herri eta kulturen artean gertatzen dena, bi arloen arteko paralelismoak eginez.
Lanaren egiturak gaur egungo gizartearekin bat egiten duela ere nabarmendu zuen Hedoi Etxarte idazleak: «
istrakziorako ohitura handia dago gaur egungo gizartean, eta gure liburuaren estetikak horrekin bat egiten du». Ikus-entzunezkoa jaun eta jabe den gizarte honetan, egileek ere joera horri heldu diote, izan ere, liburua osatzen duten irudiak lengoaia zinematografikoaz baliatzen dira.
Benito 2009/12/13 22:23:29. Atalak: aurrekoak,
Abenduko saioa iragartzera gatoz, berandu, ze abenduko saioa, gabonak tarteko, ohiko azken eguastenetik aurrerago ekarri behar izaten dugu. Eta gabonen atarian, Durangoren biharamunean, abenduaren 16an Autobakarabanan egingo dugu bidaia Fermin Etxegoienekin.
Fermin gurean izandakoa da honez gero, Neurona eta zeurona saikakera ekarri zigun duela urte pare bat. Saiakeran saiatua da, baina eleberrietan berria, hau du lehenengoa eta.
Zer gertatu da autokarabana horretan? Hona Pamielakoek kontatu digutena:
Fermin Etxegoienen lehen eleberri honetan mundu garaikidea ageri da, errealismoz erakutsia. Protagonistak lan egiten du herri bateko kooperatiban, eta zenbait tramaren erdian aurkituko du bere burua. Esperientzian oinarrituriko literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena. Elkarren artean gurutzatzen diren gertakizunek, erritmo bizian kontatuak, irakurlearen arreta hasieratik bereganatuko dute, eta espero ez duen amaierara eramango. Aspaldion ugaldu diren autokarabana-aleak unibertsaltasunean helmugarik ez daukaten unitate moduan irudikatuak dira… Autokarabana modernitatearen metafora gisa.
Kooperatibak, familia, lana, modernitatea.... Aukera izango dugu datorren eguastenean, abenduak 16, Fermini berari azalpenak eskatzeko, Katixa Agirreren laguntzarekin Santutxuko AEKn (Arbidea 21, Txurdinaga) arrastiko 20.00etan. OK?
mahatsorriak 2009/11/20 20:30:51. Atalak: aurrekoak,
Aurreko hilerako eduki genuen iragarrita, baina azken orduko arazoak medio, atzeratu egin behar izan genuen azarora, baina datorren asteazkenean, hilak 25 Unai Elorriaga izango da gurekin berriro.
Honela aurkeztu digute liburua Elkarrekoek:
Esaten da Siberian desagertu zela Conrad lehenengo, aitarekin, bortxazko lanak egiĀtera bidali zutenean. Eta aita bera ere desagertu zitzaiola gero, lau urte geroago, tuberkulosia, Siberiatik itzuli zirenean. Eta esaten da, hori esan izan da beti, aita desagertzen denean semea ere desagertzen dela apur bat."
Arratsaldero igotzen da Phineas, bere lagunekin, hamazazpigarren teilatura, handik bakarrik ikusten baitira herriko bi sarrerak batera: errepidea eta tren-geltokia. Itxaroten daude, izan ere, uda honetan iritsi beharko lukeen norbaiten zain. Erabat amaitu ez den diktaduraren ondorengo garai lanbrotsuan, krudelkeriaren oroitzapena jaso eta gorde nahi dute pertsonaiek, beren zauriak behingoz ixteko, tiraniaren zerbitzariek zirrikitu guztiak itxirik dituzten arren. Berrikuntza osoa eman dio Elorriagak bere obrari, bai gaiaren, bai idazkeraren aldetik, baina bere erroei eutsiz: itxurazko soiltasun guztiz landua, literatur lana erlojuaren doitasuna duen artefaktua ere izatea, gizon-emakumeen beldur eta sentimendu sakonetara heltzeko gaitasuna.
Eta honela, edo bestela, den Unairekin berarekin eta Katixa Agirreren laguntzarekin konprobatuko dugu datorren asteazkenean, azaroak 25, arratsaldeko 20.00ean Santutxuko AEKn (Arbidea 21, Txurdinaga).
Benito 2009/10/19 16:45:09. Atalak: aurrekoak,
Irakurlearen Tartea bueltan dator, betiko erritmoan eta ilusio berriekin. Eta tenporada berriari hasiera emateko (zenbatgarrena?) idazle gaztea gurekin: Irati JImenez mundakarra, Nora ez dakizun hori liburuaren gainean jardungo du Uxue Alberdik gidatuta.
Igartza bekaren laguntzaz plazaratutako liburu honetan Iratik "fizkioaren magia" berreskuratu nahi izan du, ezinezko amodioak, fantasia, magia... topatuko ditugu liburuan. «Pasioz eta liluraz beteriko liburua da, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuek bezala utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituena», horrela definitu du idazleak.
Gogoratu beraz, urriaren 28an arratsaldeko 20.00etan Santutxuko AEKn (Arbidea 21, Txurdinaga).
Oharra:
Bai, askok irakurri duzue Asapalabarrin hil honetako saioa Unai Elorriagarekin egingo genuela, eta halakoxea izan da asmoa, baita hala baieztatu ere, baina azken orduko ustekabe bat medio, Unairen saioa atzeratu eta Iratirena aurreratu egin behar izan ditugu. Dena dela, Unai datorren hilean izango da gurekin.
Auzoan antolatzen dugun irakurlearen tartearen albisteak eta zer esanak batzeko bloga.
