Umezurtz

Leah Manning plaza

Leah Manning, Euskal Herriko 4.000 baino gehiago Ingalaterrara ebakuatzea eta bertan artatzea antolatu zuen emakumea. Plaza bat eskaini zioten aspaldian Bilbon, hemendik hur, Txurdinagan, ez edozelako plaza gainera, haren eta harekin batera jardun zutenen omenez artelan ederrarekin apaindu zuten lekua. "Goizeko euri artean" diote burdinok. Izena ere ederra, Leah Manning lorategia.

Leku atsegina, akaso ez oso ezaguna. Gustuko dut, paseoan edo argazki makinarekin olgetan ibiltzeko.

Umezurtz paratu ziren derrepentean 4.000 ume haiek. Manning-i esker familiaren berotasuna galduta jende hurkoaren epeltasuna izango zuten, ez ziren hain bakarrik eta hain galduta sentituko.

Lehengo egunean, kamararen bisoretik, umerzurtz sentitu nituen burdinak derrepentean. Plaza gorri hartan bakarrik, inor ez haiei begira, nori begira eurek ere ez. Ingurua isilik, kotxeren bat baino ez bazen. Oinez baten bat pasatzen bazen, karran eta behera begira. Epeltasunaren eta berotasunaren seinale gutxi.

Tokia Bilboko planoan bilatzen baduzue, konturatuko zarete hiri kolorea basoaren berde egiten den mugatik hur dagoela, zentrotik aparte. Txurdinagan, kalean gutxi ibiltzen diren lekuan, etxeek gotorleku itxura hartzen duten auzunean. Eta galdetzen duzu. Inork gozatzen ditu burdinok? Umeak ibiltzen dira olgetan haien artean? Edadeko jendea jezartzen da haien gerizpean?

Ala, burdinok irudikatzen dituzten umeak bezain bakarrik eta umezurtz utzi dituzte hiri bazter honetan? Kalean dabilena ere umezurtz eta arrotz erraz sentiaraz dezakeen inguru hotz honetan.

Plaza eta patio asko daude oraingo auzuneetan, diseinu eta arte lan zainduak haietako askotan. Baina bakarrik eta triste sumatzen dituzu sarri, etxe hesituen artean, gogorregiak. Plaza gutxi egoten ziren lehenago gure hiri honetan, arte lan eta diseinu urrikoak asko, baina haien epeltasunak nekez sentiarazten zintuen umezurtz.

permalink Erantzun

Retrancaren lezioa

Larreagaburu zubia

Paseoa ematen joan nintzen lehengo martitzenean. Arratsalde polita egon zen eta Ubideetako pasealeku berrizutik aurrera jo nuen Abusurantz.

Ez zebilen jende asko han, edadekoak gehien bat, eta isilik zebiltzan gehienak, emakume koadrila pare bat izan ezik.

Isiltasunaren erdian eta jendearen arrimuan errespetu falta ei da belarria inoren berriketara luzatzea, baina saihestezina era berean, ala ez?

Hantxe zebiltzan andreak, baten aipamena, bestea han dabilela... Ez zidaten aipatuen interesik piztu, baina bai haren hizkuntzak, koadrila bietan galizieraz ari ziren, Atxuritik Pontoiraino entzun nuen hizkuntza bakarra.

Galiziarren mintzoa entzunda haserretzen dira batzuk oraindino ere. Txurdinagako parkeari "Gallegoen parkea" ere deitzen zitzaion sasoi batean, malaletxe nahikoarekin egia esanda. Igandean paseoan irtenda elkartzen diren paisanoen artean euren hizkuntzan jardutea espero ezin den zerbait balitz bezala edo.

Norbera ezin haserretu, are gutxiago galiziera aita-hizkuntza izanda, hau da, aitaren hizkuntza, era batean edo bestean etxekotzat dugun hizkuntza azken batean. Hala da ze hurbiltasuna ere sentitzen da jubilatu koadrila horiekin topo eginda, beste ezer baino gehiago.

Galiziarren retranca hori ere azaleratzen da hala ere, eta hurrengo egunean aitarekin berbetan "Zure herrikoak denak dabiltza Atxurin paseoan ala?" Galderaren galde-erantzuna: "Han ibiliko dira ba. Eta non juntatzen zarete zuek euskaraz egiteko ba?"

Dio! Retrancaren joko hori bertsotan neurri-errima-arrazoiak uztartzea baino zailagoa da.

permalink Erantzun

Agur Lucy

Merkataritzan euskaldunok zer tratu hartzen dugun kezkatuta ei gabiltza. Eta, egia esanda, ni neu gehiago kezkatuko nintzateke salerosketa kotidiano horretan zer tratu ibiltzen den. Tradizioak, topikoak eta buruan hortik eratorrita darabilgun eskema mentalak denda solasgune eta elkarrizketagune bizi modura marrazten digute, baina pentsatzen jarrita azkenotan solasaldi bakarra zenbaki bat entzutera mugatzen da.

Saltokian sartu, nahi duzuna bilatu (edo aurkitu, nahi duzuna, edo hor dagoen hori nahi duzula aurkitu hobeto esanda), hartu, kobralekura eroan, zenbakia entzun eta martxa.

Bizitza sozialaren ardatz, bilgune, mintzagune eta kontalekua... Beharbada erdi aroko azoka-merkatuetan hala izango zen, edo gordetzen diren azoka "tradizional" horietan gertatuko da, baina gaur egungo saltokietan "azkena mesedez?" hori ere kostatzen da entzutea.

Krisian dago gainera komertzio txikia, hala ere komertzio txiki berriak zabaltzen dira Asiako begirada goxoko dendariekin. Prezioaren kantitatea ozta-ozta ulertu eta ulertarazten dituzte hango begiradek, baina hor daude gau eta egun, goizetik goizaldera arte, askoren haserre, kezka, ikara eta amorrurako, beste askorentzat misterio eta elukubraziorako.

Zapatua, gaueko 10ak, afaltzera erretiratu guran, etxean gatzik ez esan dizute. Astelehenera arte hipertentsoaren dietan ibili beharko dugu orduan. Derrepentean lonjen ilara ilun baten mutur batean argia. Gatza ez dute edukiko ba? Sartu, irribarre bi, hirugarren irribarrea. Apalategira begia segidan, hantxe pakete zuria. Hartu, mostradorera, irribarrea. Ene! Lucy Liu da bata! Berdina. "Senkooontah". E? Irribarrea irribarreago. "Senkoontah". A! 50. Dirua eman, irribarrea, bueltak eskura.

Irribarrea norberak ere. "Buenoooo!" Irribarre bik: "Agohr!", "Agohr!" Laugarren irribarrea: "Agur, gero arte!"

Eta zer gura duzue esatea? Zapatu batean gaueko 10etan Lucy Liuk irribarrez "Agohr" esateak... ez dauka preziorik. Eta etiketa laueleduneko saltokietan baino euskara gehiago edo behintzat goxoago entzunda gainera.

permalink Erantzun

Udaren azkena

Udagoiena gustatzen zait. Orbelak eta perretxikoez gainera badira beste gauza txiki batzuk.Sagar berrien usaina (bai, sagarra orain dator, nahiz urte guztian fruterian ikusi), eta honelako sagarrak ez dituzu denda-supermerkatuetan erraz ikusiko gainera.

Udazkena

Intxaurraren azal latz eta zatarra. Arbolaren azpian horrela topatzen dira intxaurrak, batu, zikatu eta garbitu egin behar dira. Intxaurrondo batetik horrelako potokada bi atera ditugu justu-justuan, ustelak asko. Karuak dira, bai.

Udazkena

permalink Erantzun

Domekako eldarnioak

Irrati-goiza eduki genuen atzo. Amaraunaren tenporada berria hasi da eta 11.30etara atzeratu digute saioa (domekan estimatzen dena). Hasiera izateko gai latzak atzokoak: bloga erabiltzegatik bidali duten irakaslearena, Euskadi (Hawaii?) 5.0 edo pakenostendamostodos0.1, eta Belen-estebanizazio pandemia blogeroa.

Total, Elcorreoko marketiñeroaren erantzun natural-naturala entzunda, eta batzuek blogeroon kontrako errepresio mediatiko-laborala hasi delako zantzuak barruntatuta, horrelakoetan beti egin zena egiteko gogoa-beharra etorri zait: basora noa ihesi, hura izango da gure lekua eta!

Eta basoan zer ikusi eta:

Basurde delinkuentea:

Armiarma alpinista...

Eta errepidean eskuineko karriletik mantso, zibilizatu eta urbanita total dabilen ardi koadrila, pastorea VW Golf batean atzetik datorrela (atzetik ez dut beste inor ikusi, zin dagizuet)

A gripearen eldarnioak, edo konspirazio unibertsal baten objektiboa naiz?

permalink 2 erantzun

:: Hurrengo orrialdea >>

Troka latzeko kontuak

Prim eta Zabalbide baten dituen igogailua inauguratzean Bilboko alkateak hura eginda dagoen lekuaren gainean halako zeozer bota ei zuen "Troka inhospitoa egon den lekuan orain marabilla hau daukagu!". BegoƱaxpin, Masustegi, Prim, Iturribide eta Zabalbide artean dagoen trokaz hain zuzen ere. Troka inhospito horretan Bilboko beste hainbat parajetan baino bizi gehiago dago baina, begetala, animala eta humanoa ere bai. Batzuentzat troka latzak baino ez direnak, beste batzuontzat esanguraz betetako lekuak dira. Blog hau Bilboko troka latzetan murgiltzen saiatuko da.

Argazkiak-edo

www.flickr.com

Derrepentekoak

    follow me on Twitter

    Atalak

    Bilaketa

    | Hurrengoak >

    Otsaila 2010
    Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
    <<  <   >  >>
    1 2 3 4 5 6 7
    8 9 10 11 12 13 14
    15 16 17 18 19 20 21
    22 23 24 25 26 27 28

    Besterik

    Blog hau sindikatu XML